XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zu - esan ohi dit Errekalde-k - Luzaro-k sortu duen benetako europar gizatankera bat zaitugu.

Zure aitona, suizarra alegia, dolikozefalu horail Rubio zen nonbait, Germaniatar garbia, keltarren eta Alpetar gizonaren nahasterik gabea.

Andiatarrak bezalakorik ez da Elgea-n, iberiar gizatankerarik berizienekoak dituzu.

Zoritxarrez, Agirretar buru-borobilekin egin zuten nahaste.

- Ez bekizu axolarik - esaten diot nik barrez.

- Axolarik ez! - erantzuten dit.

Zu, nere aita bezala, buru borobil basati horietakoa bazina, adibidez, ez nizuke ezertxo ere esango.

Baina ez zarenez, zure seme-alabekin kontu eduki dezazula egiten dizut kontseju.

Ez zaiezu utz buru borobil direnekin ezkontzen.

Benetan barre eragingarri litzateke seme bati neska on batekin ezkontzen galeraztea buru borobil delako.

Baina, era berean litzateke bar-eragingarri ezkontza bat egiteko eragozpenak jartzea, senargaiaren edo andregaiaren aitona noizpait zapatari edo kinkilari izan zelako.

Honelakotan, gazteak zaharrak baino zentzu hobekoak izan ohi dira, zeren sentipena bakarrik baitute gidari.

Gure etxeko mirabe zahar batek inudeak, alegia kontaturik dakit, bere herriko indianu aberats bat, beltz-tratularia izana, oso mindurik omen zegoen, beronen semeak neska txiro batekin ezkondu nahi zuelako.

Hau dela-eta, neskatxari honela jakin-arazi omen zion: - Ni zure larruan baldin banengo, ez nintzateke ezkonduko nere semearekin.

Jakin ezazu beltz-tratulari izan naizela eta nere familian bi pertsona izan direla urkabetik zintzilik jarriak.

- Bost axola horregatik - erantzun zion neskatilak -, Jaungoikoari esker gurean ere urkatu asko izan baita.

Arrazoi burutsua, zinez, neskatxa honena.